XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): osoki arraren eginkizun eta erresponsabilitateari dagokio habiaren ardura, eta arraultzeak eta umeak zaintzea.

Berebat gertatzen da hegazti batzuetan.

Hego Ameriketako ñandu delakoa dugu esenplu bat.

Familia gisako multzoetan bizi ohi dira hegazti tzar hauk, eta arra sei bat emeren buruzagi da hor nonbait.

Berak prestatzen du habia, zulo sakon bat lurrean eginaz, han berean emeek arraultze egin dezaten: alegia, hogeita hamarren bat arraultze guztira.

Berrogeita hamar ere kontatu izan dira noizbait.

Eta emeak errutea amaitu ordukoxe han doa arra arraultzeak xitatzera, eta hantxe berean jarraituko du harik-eta xitek koskoa urratzen duten arte.

Orduan uzten du habia xita ttikiez ardura dadin.

Halere emeak ez dio lanari hor konpon! egiten.

Lanik asko izaten bait du behar hainbat arraultze egiten, eta arra xitatzen hasi arren, emeak erruten jarraitu behar izaten du oraino.

Guztiz zakarki tratatzen du arrak emea, baldin-eta habiara arraultze egiteko itxura oroz ez badator.

Bestenaz, hegazti arrotz bati eginen liokeen abegia eginen lioke.

Baina kasu gehienetan emea da xitaketaz arduratzen; bederen, hau da normalena; hegazti kantarietan, oilakideetan, ontza eta harraparietan.

Ez daiteke esan, ordea, arrak xitatze lanean parterik ez duenik.

Maiz askotan arra lehiatzen da gehienik habiaren egiten.

Are, oilarra hain aita traketsa izanik ere, maiz ikusiko duzu ama-umeez arduraturik hauei deika eta beste leku batetara eraman nahirik.

Ahateetan ere arrak dio laguntzen emeari habia egiten, baina emea xitatzen hasi bezain laster abandonatzen du beste ar bakartien gana biltzen delarik.